XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ANDRE JOXEPA - Ixtudianteen artean arrantzaka asten baldin ba'dun, a ze makillazuak artu bear ditun.

LUIXA - Bai, orixe. Bere ikaslagunen iseka ta burlak burutzen bakarrik naiko kalbario izanen din. Kultura baiño, sufrimentua zer dun obeto ikasiko din gizajoak...

ANDRE JOXEPA - Eta ezin al-zitenan mutilla, Donosti'ra, Bergara'ra, Oñati'ra edo beste urreko toki batera bialdu, edukaziño eta estudio pixkabat eman nai ba'zioten?

LUIXA - Bai zera! Baldintza orrekin bakarrik amor eman zitenan neskaren gurasoak. Eztakin ondotxo zelako trumoiak ibilli itunan auzi au erabaki artean. Markes jaun-andreak bere onetik atera itunan Peru jaunak maiteminduen berri ziotenean. Sumin-sumin eginda, neskari, Joxe Migel'engana geiago ez urbiltzeko agindu ziotenan eta etxetik ateratzen ere gal-erazi ziotenan laguntzalle batekin izan ezik.

Peru jaunak ikaragarriak esan zizkienan markex petralai, kristauak ere etzirala orrela jokatzen zutenak, arrokeria beste gizalegerik etzutela eta abar.... Azkenerako ordea, neskaren osasun-ezak ikaratu zizkiñan. Jateko ganorik ez, egunean baiño egunean goibelago ta medarrago, izketan ere ezin egin erazi.... Zer nai dun, Joxepa?

Nik ba-zekiñat zerbait amodio kontuan, asko sufritu baidiñat nire gaztetan itxaropenik gabeko maitasunetan eta Agata'ri gertatutakoak ez natxion batere arritzen. Ni ere ala egon niñunan, jankar eta nakar, ziaro pattalduta eta iltzeko desiotan sarri... Orra ba, alaba itxura ontan ikusita, gurasoak ziaro larritu itunan eta medikuari ots egin ziotenan.

Baita onek garbi itz egin ere. Alegia, neska galdu nai ezpa-zitenan, amor emateko beren seta gaiztoari eta Joxe Migel'ekin ibiltzen uztekotan pozaren pozez ziaro pizkortuko zela.

ANDRE JOXEPA - Peru jaunak eragingo zionan medikuari orrela itz egiteko, lagun aundiak baiditun...

LUIXA - Eztiñat ezetzik esango, baiñan, neska aren planta ikustea aski omen unan edonor ikaratzeko. Arpegia zuri-zuri eta matrail ezurrak agirian jarri omen zitzaizkionan...

ANDRE JOXEPA - Nork kontatu dizkin ipui oiek denak?

LUIXA - Kalamax'ek esan zizkidanan. Ba-dakin, orain laguntasun aundia zeukanagu alkarrekin.

ANDRE JOXEPA - Bai zera! Neska gaztiaz aseta, neska zaharren atzetik asi al-dun, apika?

LUIXA - Kalamax neska zaharren atzetik? Ederki eman ere! Oraindik etzaion burutik egin alproja zahar orri... Baiñan, ba-dakin, Kalamax'ek bere laguntasuna eskeiñi zidanan Inaxi berenganatzeko eta berak, trukean, beste zerbait agindu zidanan...

ANDRE JOXEPA - Baiñan, lenago ez al-intzanan tratuan nire alabarekin?